Goizeko hamaika eta erdiak aldera sartuko da Korrika 18 Iparraldera lehenengo aldiz, Arnegitik, bertan 166 kilometro egiteko igande goizaldera bitartean. Han izango ditu zain, besteak beste, Marimendi elkarteko emakume mendigoizaleak (456 km) eta laster iritsiko da Donibane Garazira. Hamaiketakoa eginda egongo dira bertan eta korrika egin ondoren merkatu estalian elkartuko dira guztiak. Haiek bazkaltzen utzita, Maulerako bidea hartuko dute korrikalariek, lekukoa eskuz esku pasatuz: Euskal Herriko Laborantza Ganbara (471 km), Oztibarreko ikastola (477 km), AEK Garazi-Baigorriko gau eskola (487 km), Xiberoko euskarazko irakasleak eta ikastolako ikasle ohiak (490 eta 491 km), Xiberoko Botza (505)… eta hainbat eta hainbat aüzetxe.
Itzulia eginda, Donapaleurantz abiatuko da iluntzearekin batera; han, zain dauden bitartean, zumba kurtsoa eta jaia ukanen dute euskalakariek eta, bertan hartuko dute lekukoa, beste askoren artean, Kitzikatzan’k antzerki taldeak (525 km) eta Euskal Moneta Elkarteak (531 km).
Lapurdin herri askotan antolatu dira jaiak Korrikari ongietorria gauez emateko. Hazparnera hamar eta erdiak jota iritsiko dira korrikalariak, baina ordurako egun osoa eramango dute hazpandarrak jai giroan murgilduta: gosaria, zirku tailerrak, film laburrak, trikitilariak eta kantariak, afaria gaztetxean… Itsasun ere alaiki bustiko dute zintzurra Goxokin, gau eskolako taloekin eta Marro Beltza eta 2ZIO taldeen kontzertuarekin.
Gauerdia pasatuta, besteak beste, Kanbon Petit Theatre de Pain taldeak hartuko du lekukoa (581 km), eta ia goizaldeko ordu bietan iritsiko da Uztaritzera, ordubete beranduago Ezpeletara (afaria dute Etxemendi ostatuan itxaronaldia leuntzeko). Ainhoatik igaroko da Korrika Sarara heldu eta bertako gaztetxean gau pasan ibiliko diren euskalakariak agurtzeko: errugbi taldekoak (609 km), herriko hiru eskolak (613 km), emazte gimnastika taldekoak (616 km)..
Korrika berriro sartuko da Nafarroan, igande goizaldean Bortzirietan. Bost herrietako Udalek kilometro bana erosi eta korrika egingo dute. Horrez gain, Berako ikastolek eta ikastetxeek (624 km) eta Arcelorrreko langileek (628 km) eramango dute lekukoa, besteak beste. Lesakan, berriz, minbiziaren kontrako emakumeek, gazte asanbladak eta Gure Arrano elkarteak (629 km); Etxalarren, hainbat elkartek; Igantzin, eskolak, guraso elkarteak, gazte asanbladak… Eta Arantzan Aterpe ostatuak (AEKren uda barnetegiaren egoitza), IKAk eta Etxeratek (635 km).
JARRAITU KORRIKA 18
Korrika 18 non dagoen uneoro, zuzeneko emisioak Korrikatik bertatik, hurrengo eguneko aurreikuspenak, bideoklipak, argazkiak… Korrikaren aplikazioa Android zein iphonetarako: Korrika non dagoen, lekukoa nork daraman, zer distantziara dagoen, iristeko zenbat denbora falta den…
Konpartitu Korrikaren zure argazkiak: INSTAGRAM aplikazioa erabilita, igo #korrika traola pean.
Zuzeneko konexioak hainbat eta hainbat irratitan, jarraipena Kanaldude telebistan eta gaueroko saioak Hamaika Telebistan eta ETB3n.



Iruzkin berriak