Korrika 16 dagoneko martxan da bere lehen kilometroak egiten. Edurne Brouard Korrika arduradunak mezua lekuko barruan sartu, “Alizia aurrera, Korrika!” agindua eman eta 2.503 kilometroko ibilbideari ekin dio euskararen lekukoak, Tuterako AEKren arduradun Alizia Iribarren eskuetan. Lehen kilometroa bukatu baino lehen, eta Tuterako jaeietan egin ohi den “la revoltosa” dantzaren ohiturari eutsiz, plazako kioskoari hiru itzuli eman dizkio lekukoak. Bigarren kilometroa Argia Ikastolaren esku geratu da.
Bostak aldera ekion diote hasiera ekitaldiari Tuterako Korrika Batzordeko kideek bertso artean, orain arteko Korrika guztietako bizkarrekoak jantzita zeramatzaten korrikalarien babesean. Ondoren, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kide eta Nafarroako AEKren arduradun Aitziber Sarasolak ongietorria eman die Korrika 16ri eta Tuteran bildutako guztiei, Nafarroako Erriberan euskara ez dela ofiziala gogoratuz: “Euskal Herriko beste bazter batzuen antzera, Erriberan ere euskara borondate huts bat baino ez dela esan ohi digute, eta hala da momentuz. Hizkuntzaren ofizialtasuna lehenengo giltzarria da bere berreskurapenean”. Hala ere, “Tuterako euskaltegitik makina bat jende pasa da. Makina bat amets, gogo eta ilusio piztu da, eta nola ez, makina bat borroka egin behar izan da euskarari dagokion plaza emateko, Tuterak duen plazarik eta handiena”. Honela amaitu du bere hitzaldia: “Ongi etorri bezala, joan zaitez ongi Korrika. Ongi joan euskaraz bizi nahi dugunon herri honetatik, euskaraz bizi nahi duten beste herri guztietara”.
"Ongi etorri Korrika
Ongi etorri Korrika Tuterara, Erriberara.
Tutera beti izan da Euskal Herrian, herri ezberdina. Kultura ezberdinen batzaile eta baita euskal hiztunen magal ere. Judutarrak, musulmanak, kristauak eta beste. Oraindik orain Tutera da kolore ezberdinen emaitza, munduko bazter ezberdinetatik etorritako pertsona ezberdinen topaleku eta Euskal Herrira sartzeko abiapuntu. Baina Tuteran ere euskaraz mintzatu nahi dugu. Euskaraz euskaldun garelako eta euskarari buruz zer esanik badugulako.
Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean, hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak berreskuratu nahi izatea da. Euskararen kasuan, herriak sarri erakutsi du berreskuratu nahi duela. Korrika, hain zuzen ere, borondate horren adierazpen grafikoa da. Baina nahi izatea ez da nahikoa, bistan da ezetz.
Nafarroako Erriberan euskara ez da ofiziala. Euskal Herriko beste bazter batzuen antzera, Erriberan ere euskara borondate huts bat baino ez dela esan ohi digute, eta hala da momentuz. Hizkuntzaren ofizialtasuna lehenengo giltzarria da bere berreskurapenean. Nekez normalduko da edozein hizkuntza, izan txiki, handi edo ertain bertako mandatariek bizkar eman eta bertako hizkuntza ofizial aldarrikatzen ez badute. Vascuenceren Legeak oztopoak jarri baino ez ditu egiten bertako pertsonon borondatearen kontra, baina gaur geure nahiaren erakuslerik onena gaude Tuteran. Gazte, haur eta heldu. Tuteran elkartu gara oihuz adierazteko Erribera euskalduna nahi dugula, Nafarroa euskalduna nahi dugula eta Euskal Herria euskalduna nahi dugula.
Tuterako euskaltegitik makina bat jende pasa da. Makina bat amets, gogo eta ilusio piztu da, eta nola ez, makina bat borroka egin behar izan da euskarari dagokion plaza emateko, Tuterak duen plazarik eta handiena. Etxean edo eskolan euskara ikasterik izan ez duten horiek guztiek euskara ikasterik nahi baldin badugu euskaltegien ateak parez pare behar ditugu zabalik. AEK-k Korrika bezalako ekimenei esker zabal ditzake bere ateak Tuteran eta Euskal Herriko beste hainbeste txokotan. Nola bestela, Nafarroako Gobernuak ematen digun diru laguntza eskasarekin? Nola bestela Vascuenceren Legeak ezartzen dizkigun mugekin?
Garai berriak behar ditu euskarak. Euskarak normalizaziorako behar dituen lege eta politikak behar ditu eta hori izanen da benetako aldaketa. Tuteran euskaraz, Barakaldon euskaraz eta Garazin euskaraz.
Gure hizkuntza hau ez da handiena, ezta gehien mintzatzen dena ere, ez da besteak baino politagoa eta ez zatarragoa. Baina geurea da eta bertakoa da, horregatik behar dugu bihotz-begi mantendu, jaso eta irakatsi. Egunero ari dira horretan lanean Euskal Herriko zoko-bazter guztietan milaka lagun euskara ikasiz eta mintzatuz. Egunero ari dira ehunka irakasle, askotan ez baldintzarik onenetan, euskara irakatsi eta hizkuntzaren balioak iraunarazten. Izan dadila beste behin ere Korrika hau zuendako omenaldi, eta nola ez gaur bereziki, Erriberan horretan ari zareten guztiendako.
Ongi etorri bezala, joan zaitez ongi Korrika.
Ongi joan euskaraz bizi nahi dugunon herri honetatik, euskaraz bizi nahi duten beste herri guztietara.