Bizkaian hasiko du Korrika 16k eguna, Lea-Artibai eta Busturialdea artean. Eskualde horretan Ea, Ibarrangelu, Elantxobe, Nabarniz, Ereño, Gauteiz-Arteaga, Kortezubi, Arratzu, Ajangiz, Gernika, Foru, Muxika, Murueta, Sukarrieta, Mundaka eta Bermeoko Udalek eramango dute lekukoa, nork bere udalerrian. Baina horiez gain, beste asko ere izango dira Korrikari ongietorria emango diotenak, adibidez, Oizmendi telebista Kortezubin (1867); Elai-Alai dantza taldea (1870), Busturialdeko Hitza (1872), EHE, AEK eta Udal euskaltegia elkarrekin (1873) Gernikan; erraldoien konpartsa Bermeon (1887)...
Mungialdera pasatzean autobus bat ere ikusi ahal izango da 1899 eta 1900 kilometroen artean, Meñakatik hurbil. Izan ere, edizio hau ezin izan da Bakiotik pasatu errepideko lanak direla eta, beraz, bakiotarrek euren Korrika egingo dute herrian goizeko 9:30ean, eta ondoren gura duen guztia autobusera igoko da Korrika “ofizialera” joan eta bertan parte hartzeko, baita eskolako ume guztiak ere. Euren hiru kilometroak bukatzen dituztenean, berriro autobusera igo eta herrira itzuliko dira. Kostalderantz egingo du berriro Korrikak ordu bietatik hurbil, Uribe Kostan barrena ibiliko baita arratsaldean Bilbon sartu arte. Beraz, Bizkaiko hiriburura iritsi baino lehen, herritar, elkarte eta erakunde askok eramango dute lekukoa, tartean ETBko Mihiluze saioan orain arte hiru bote irabazi dituen bikote bakarrak, AEK-ko irakasle Aitor eta Edortak (Urduliz, 1941 km). Gainera, Korrikaren sortzaileetako bik, Urtsa Errastik eta Joseba Kanpok Erromon eramango dute lekukoa Doble Sentido eta Invesco enpresen kilometroan (1966). Eta Leioako Txakurzulo gazte asanbladako kideek mozorrotuta eta txalaparta joz emango diote ongietorria Korrikari euren kilometroan (1975).
Ia lau orduz Bilbon
Korrika 16 arratsaldeko sei eta erdiak aldera sartuko da Bilbon, Enekuritik. Komite internazionalistek egingo dute hiriburuko lehen kilometroa (1981). Ia laurogeita hamar esku aldaketa egingo ditu lekukoak bertan eta, beste askoren artean, hauek beteko dituzte kilometroak: Bizkaiko Foru Aldundia, Bertsozaleen Elkartea, Etxerat, Iniciativa gitana, Bilboko Udala, Berbalaguna, sindikatuak, Athletic futbol taldea, Bilboko konpartsak, AEKren Lizardi euskaltegia bere 25. urteurrenean, Anitzak... Gaueko hamar eta laurdenak aldera eta 2042. kilometroan agurtuko du Korrikak Bilbo, Enkarterrietan barneratzeko. Baina nahi duenak aukera izango du lasterka egin ondoren Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean hamarretatik aurrera egingo den Korrika jaian parte hartzeko. Bertan Bertso Hip-Hop multimedia ikuskizuna eskainiko da doan.
Enkarterrietan Alonsotegi, Sodupe, Güeñes, Zalla, Balmaseda eta Sopuertatik pasatuta, eta barikutik larunbaterako muga ere bai, Meatzaldea zeharkatzeari ekingo dio Korrikak Muskizen (2082 km). Bertako talde, eskola, elkarte eta erakundeek hartuko dute lekukoa, baita Abanton eta Ortuellan ere. Trapagan, berriz, aipatzekoa da jende askoren artean hartzen dituztela kilometroak, kirolariak, gazteak, kultur eragileak, alderdi politikoak, ikastetxeak... Suhiltzaileek egingo dute Meatzaldeko azken kilometroa (2112), euren egoitza aurretik pasatuz, sirena hots eta argien babesean.
Ezkerraldera sartzean Portugaleteko koadrilek emango diote ongietorria Korrikari goizeko bostak aldera. Pare bat kilometro eginda, Santurtzin sartuko da, Korrika antolatzen lagundu duten talde eta elkarte askoren babesean. Aipatzekoa da karrera pasatu aurretik egingo den folk kontzertua hogei elkartek osatutako Santurtziko Txosna Batzordeak antolatu duela. Herriko Udalak ere hartu du kilometro bat, eta Kantauri eta Axular institutuetako ikasleek 2123.a partekatuko dute. Axular institutuak 25 urte bete ditu aurten, eta bera izan zen Ezkerraldean D eredua eskaintzen lehena.
Berriro Portugaletera itzuli eta Sestao eta Barakaldotik pasatu ostean Erandiora joko du Korrikak, baina ez lasterka, txalupan baizik. Han kilometro batzuk egin ostean Txorierri eskualdera joko du zapatu goizean argia hastean.
Batzuk arineketan eta beste batzuk e-KORRIKA
Bestalde, milaka eta milaka herritar euskaltzalek hankak euskararen aldeko dantzan dituzten bitartean, Mondragon zentro korporatiboan diharduten langileak kooperatibako Euskara Batzordeak proposatutako ekimenari heldu eta jo eta ke ari dira e-KORRIKAn: martxoaren 26an eta arratsaldeko 15:30ean abiatu zen e-mailez osatuz joango den mezu katea. http://www.lantalan.com/148