| |
|
 |
MEZUA
HELDU
Euskaldunok euskaraz mintzatuz adierazten dugu geure euskaldun izaera, euskaraz hitz eginez egiten dugu Euskal Herria. Euskara da gure nortasun agiria, euskara da munduari hemen herri bat dagoela adierazteko oinarria. Horregatik diogu HELDU HERRIARI.
Bada garaia urteetako menderakuntza, jazartze eta zigorren ondorioz baztertua izan den euskarak bere esparrua berreskuratzeko. Euskarak Euskal Herri osoko hizkuntza izan behar du. Horretarako, konpromisoak behar ditugu, eta aurreko korrikaren mezuari jarraituz, konpromisoaren beharra eta balioa azpimarratu nahi ditu korrika 15ek, ez garelako hutsetik abiatzen. Horregatik diogu HELDU HITZARI.
Belaunaldiz belaunaldi kontra izan dituen legeei aurre eginez, euskararen aldeko konpromisoari heldu zioten euskaltzaleei esker dirau euskarak. Lagun horien konpromisoa eta elkarlanean aritzeko borondatea izan ziren euskarak, oztopo guztien aurka, gaur egun arte bizirik jarraitzeko euskarria. Horregatik diogu HELDU ELKARLANARI.
Korrika 15ek, beraz, euskara ikasi eta erabiltzea eskatzen digu euskal herritarroi, eremu berriak zabaldu eta elkarlanean aritzea. Eta alderdi, sindikatu, elkarte eta erakunde guztiei, euskara ukatzera datozen legeak eta jarduerak baztertu eta euskaraz bizi ahal izateko bideak eraikitzea. Horregatik diogu HELDU EUSKARARI.
Iraganeko kemenak eman du emaitzarik, baina oraindik asko daukagu egiteko. Orduko lanaren fruitua jaso dugunoi dagokigu orain lekukoa hartzea. Horregatik diogu HELDU LEKUKOARI. |
|