| |
|
 |
OMENALDIA
Euskaraz hitz eginez egiten dugu Euskal Herria eta lan horretan euskal emakumeak izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi ditu korrika 15ek. Urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan duten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu korrika 15ek.
Omenaldi honek iraganeko, egungo eta etorkizuneko euskal emakume guztiak hartzen ditu, adin, esparru eta ideologia guztietakoak, ezagunak eta ezezagunak. Horregatik ez da omenaldi honetan aurpegi zehatzik erakutsi nahi izan, omendu nahi diren hainbat emakumek, gehienek, ez dutelako izen eta aurpegi ezagunik. Horrela, korrika 15ek EUSKAL EMAKUMEARI egingo dio ondo merezitako omenaldia, euskararen eta euskal kulturaren iraupen, berreskurapen eta etorkizunean izan eta izango duen paperagatik.
|
|